Este sitio web utiliza cookies propias para ofrecer un mejor servicio. Si continúa navegando consideramos que acepta su uso. Encontrará más información en nuestra Política de Cookies.
OK | Más informaciónJarraian, markak eta asmakizunak babestearen onurak azalduko dizkizugu.
Zergatik babestu behar dira markak?
Enpresa gehienek badakite markak erabiltzeak zenbateko interesa duen beren produktuak lehiakideenetatik bereizteko, baina batzuk ez dira jabetzen horiek erregistroaren bidez babestea zeinen garrantzitsua den.
Marka bat erregistratuz gero, enpresak eskubide esklusiboa lortzen du, hirugarrenek produktu berberak edo antzekoak marka berarekin edo nahastea eragiteko moduko antza handiko markekin merkatura ditzatela saihesteko.
Enpresak ez badu marka erregistratzen, alferrikakoak izan daitezke produktua merkaturatzeko egin dituen inbertsioak, lehiakideek marka bera edo nahastea eragiteko moduko antza handiko marka erabil dezaketelako produktu berberak edo antzekoak merkaturatzeko. Lehiakideren batek marka berbera edo antzekoa hartzen badu, kontsumitzaileek, nahastuta, lehiakidearen produktua eros lezakete. Horrek murriztu egin ditzake enpresaren irabaziak, eta bezeroak nahasi. Gainera, kaltetu egingo ditu enpresaren izen ona eta irudia; batez ere, lehiakidearen produktuak kalitate baxuagokoak badira.
Markek produktu bat merkatuan arrakastatsua izateko duten garrantzia kontuan hartuta, erabakigarria da kasuan kasuko merkatuan –edo merkatuetan– erregistratuta zaudela ziurtatzea.
Gainera, aukera dago markaren inguruko lizentzia beste enpresa batzuei emateko; horrela, areagotu egingo lirateke zure diru-sarrerak. Markak erabiltzeko, frankizia-akordioak ere egin daitezke.
Kontsumitzaileen artean ospea duen marka bat finantza-erakundeen aldetik finantzaketa lortzeko ere erabil daiteke; izan ere, finantza-erakundeak gero eta gehiago jabetzen dira enpresen arrakasta komertziala neurri handi batean marken mende dagoela.
Marken abantailak:
- Kontsumitzaileek produktuak bereiziko dituztela bermatzen dute.
- Enpresei haien produktuak bereizten laguntzen diete.
- Merkaturatzeko tresnak dira, eta enpresei haien irudia eta ospea zabaltzen laguntzen diete.
- Lizentzien bidez laga daitezke, eta erregalien bidez diru-sarrera zuzenak eragin ditzakete.
- Faktore erabakigarria dira frankizia-akordioetan.
- Aktibo komertzial garrantzitsuak izan daitezke.
- Enpresak produktuaren kalitatea mantentzeko edo hobetzeko inbertsioak egitera bultzatzen dituzte.
- Erabilgarriak izan daitezke finantzaketa lortzeko.
Zergatik babestu diseinu industrialak?
Diseinu industrialak handitu egiten du produktuaren balioa, bezeroentzat erakargarriagoa eta deigarriagoa bihurtzen du, eta produktua erosteko arrazoi nagusia gerta daiteke. Hortaz, diseinu baliotsuak babestea oinarrizkoa izan daiteke edozein diseinatzaile edo fabrikatzaileren estrategia komertzialean.
Diseinu industrial bat jabetza industrialeko bulego nazional batean edo eskualdeko bulego batean erregistratzean, titularrak eskubide esklusiboak lortzen ditu, hirugarrenek ez dezaten diseinua baimenik gabe erreproduzitu edo imitatu. Jardunbide hori bat dator enpresaren logikarekin, hobetu egiten duelako enpresaren lehiakortasuna, eta irabazi osagarriak ekartzen dituelako jarraian aipatzen diren moduetakoren batean edo gehiagotan.
- Diseinu bat erregistratzean, lehiakideek hura erreproduzitzea edo imitatzea eragozteko eskubidea eskuratzen du titularrak, eta, horrela, indartu egiten da bere lehiakortasuna.
- Diseinu baliotsu bat erregistratzea lagungarria da produktua sortzen eta merkaturatzen inbertitutako kapitalaren errendimendu hobea lortzeko, eta, beraz, handitu egiten dira etekinak.
- Diseinu industrialak enpresaren eta bere produktuen balio komertziala handi dezaketen enpresa-aktiboak dira. Diseinuak zenbat eta arrakasta handiagoa izan, orduan eta balio komertzial handiagoa izango du enpresarentzat.
- Babestutako diseinua beste batzuei lagatzeko –edo saltzeko– aukera ere badago, lizentzia emanda eta zenbateko jakin bat ordainduta. Horrela, bestela hurbilgaitzak izango liratekeen merkatuetara hel daiteke.
- Diseinu industrialak erregistratzeak lehia zintzoa eta merkataritza-praktika garbiak sustatzen ditu, eta horrek, aldi berean, formaren aldetik erakargarriak diren produktu anitz ekoiztea eragiten du.
Diseinu industrialak babesteko arrazoiak:
- Inork kopia ez ditzan.
- Enpresaren politika.
- Lehiakideei aurrea hartzeko.
- Ospeagatik.
- Kopiatzen ari naizela pentsa ez dezaten.
Asmakizunak patentatzeko arrazoiak:
- Merkatuan leku sendoa eta lehiatzeko abantaila izateko. Patentea izanez gero, beste batzuek asmakizun hori komertzialki ez erabiltzeko eskubide esklusiboa bereganatzen du titularrak. Horrela, murriztu egiten da imitatzaileak agertzeko aukera, eta haiek lehia sortzeko arriskua.
- Etekinak handitzeko eta inbertsioen errendimendu handiagoa izateko. Enpresak denbora eta diru asko inbertitu baditu I+Gn, asmakizunak patente gisa babesteak gastuak berreskuratzen eta inbertsioen errendimendu handiagoa lortzen lagunduko dio.
- Patentea erabiltzeko lizentzia ematetik edo lagatzetik diru-sarrera gehiago lortzea. Patente baten titularrak lizentziapean eta zenbateko finko eta/edo erregalien truke laga diezazkieke beste batzuei asmakizunaren gainean dituen eskubideak, enpresarentzat diru-sarrera gehiago lortzeko.
- Teknologia lizentzia gurutzatuak emanda lortu ahal izateko. Zure enpresak beste batzuen teknologia lortu nahi badu, enpresaren beraren patenteez balia zaitezke, lizentzia gurutzatuak emateko akordioak negoziatzearren.
- Merkatu berrietan sartzeko. Patenteak lizentzien bidez beste batzuei lagatzeak zabaldu egin dezake bestela hurbilgaitzak izango liratekeen beste merkatu batzuetara heltzeko aukera. Horretarako, asmakizunak kasuan kasuko atzerriko merkatuetan ere babestuta egon behar du.
- Arauak hausteko arriskuak gutxitzeko. Babesa patente bidez lortzean, beste batzuek asmakizun bera patentatzea saihestu ahal izango duzu, eta murriztu egingo duzu hirugarrenek beren produktuak merkaturatzerakoan dituzten eskubideak urratzeko dagoen arriskua. Nahiz eta patente batek berez ez duen asmakizun bat «erabiltzeko askatasuna» ematen, beste batzuek asmakizun berdinak edo antzekoak patentatzea galarazten du, eta patentatu den asmakizuna berria eta «teknikari dagokionez» ezberdina dela adierazten du.
- Finantzaketa arrazoizko interes-tasara lortzeko ahalmena handitzeko. Patenteen titularra izateak –edo beste batzuen patenteak erabiltzeko lizentzia izateak– handitu egin dezake produktu bat merkaturatzeko kapitala lortzeko ahalmena.
- Patente bat izateak nabarmen handitzen du babestutako asmakizuna kopiatzen edo imitatzen dituztenen aurka lege-neurriak hartzeko ahalmena.
- Enpresaren irudi positiboa emateko. Zenbait enpresak patenteak aipatzen dituzte iragarkietan, jendearen aurrean irudi berritzailea dutela erakusteko. Iturria: ETEei zuzendutako jabetza industrialaren inguruko gidak (OEPM-OMPI).