Informazio gehiago


Zer da nazioarteko marka?

Nazioarteko marka Madrilgo Sisteman integratuta dauden herrialdeentzako marka-erregistro sistema barruan sartzen da. Nazioarteko bi hitzarmen biltzen ditu: Madrilgo Adostasuna eta Madrilgo Protokoloa.

Ezin da mundu osoan erregistratu, baizik eta Madrilgo Sisteman dauden herrialdeetan, ez besterik. Gaur egun (2017ko martxoan) 98 baino gehiago dira Adostasunean eta Protokoloan edo Protokoloan bakarrik parte hartzen duten herrialdeak. Bide horretatik ere eska daiteke Europako Batasunean babesteko marka (ikusi herrialdeen zerrenda OMPIren webgunean: http://www.wipo.int/madrid/es/members/index.html)

Sistema ezin da erabili marka kide ez diren herrialdeetan babesteko.

Sistemaren abantailak

Madrilgo Sistemarekin, izapide asko batu eta errazten dira, hala nola azterketa formala eta argitalpena. Hala, aipatu herrialde bakoitzean marka nazionalak dituen eskubide eta betebehar berberak dituen erregistroa lortzen da.

Eskaera bakar batez, hizkuntza bakar batean, tasa bakar bat franko suitzarretan ordainduta babesa lor daiteke herrialde askotan (ikus tasak OMPIren webgunean: http://www.wipo.int/madrid/es/fees)

Gainera, ondoren, edozein unetan, sistemako beste herrialde kide batzuetara ere zabal daiteke babes hori, lurralde-hedapeneko eskaera eginez. Azpimarratzekoa da errazagoa dela nazioarteko marka kudeatzea zenbait marka nazional baino, berriztapen bakarra egin behar da eta (nazioarteko erregistroak 10 urteko iraupena dauka, 10 urtean behin berritu ahal dena) eta erregistroan titularra nahiz ordezkaria aldatzea edo produktu eta zerbitzuen mugapenak aldatzea ere errazagoa da.

Laburbilduz, errazagoa da beste herrialde batzuetan babesa lortzea, eta babes horren ondorengo kudeaketa ere bai.

Nola eskatzen da nazioarteko marka?

OEPMn nazioarteko marka eska dezakete nazionalitate espainiarra duten edo bizilekua Espainian duten pertsona fisiko nahiz juridikoek, edota Espainian benetako industria edo merkataritza establezimendu eraginkorra dutenek.

OEPMn nazioarteko marka bat eskatu ahal izateko, nahitaezkoa da marka nazionalaren erregistro bat izatea edo Espainiako marka nazionalaren eskaera-orria aurkeztu izana.

Nazioarteko markak, marka nazionalak dituen titular bera, bereizgarri bera izan behar ditu, eta marka nazionalean erregistratutako produktu edo zerbitzuak ere bai.

Espainiako marka nazional bat oinarri duten nazioarteko eskaerak OEPMren bidez aurkeztu behar dira beti, hark baino ezin baititu egiaztatu ezaugarri horiek.

Nazioarteko markaren eskaera egitean tasa nazionala ordaindu behar da, Nazioarteko Bulegoari ordaindu beharreko tasez gain.

Erregistroa egiteko prozedura

Nazioarteko marka bat erregistratzeko prozedurak hiru fase ditu:

  • Lehena, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan, jatorrizko bulego bezala. Bertan eskaera jasotzen da eta hasierako azterketa formala egiten da, eskaturiko datuak eta oinarri gisa duen marka nazionalekoak bat datozela frogatzeko. Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak eskaera helarazten dio OMPIri.
  • Bigarrena, Jabetza Intelektualaren Munduko Erakundean (OMPI). Bertan azterketa formala egiten da eta marka argitaratzen da, jadanik nazioarteko zenbakiarekin, OMPIren Nazioarteko Marken egunkarian.
  • Hirugarrena, eskaturiko herrialde bakoitzaren Bulego Nazionalean. OMPIren eskutik izendapena jasotzen du (nazioarteko erregistroak herrialde guztietan herrialde horretan eginiko eskaeraren eragin bera du eta) eta, legedi nazionalaren arabera, nazioarteko marka eman behar den edo ez erabakitzen du.

Babesaren iraupena

Nazioarteko marka 10 urteko eperako erregistratzen da. Erregistroa 10 urtean behin berritu ahal da, nahi beste aldiz.

Nazioarteko markari buruzko informazio gehiago