Emakidaren prozedura


Patenteei buruzko 2015eko Legeak prozedura bakarra ezartzen du patenteen emakidarako, honako hauek biltzen dituena: hasteko, “Teknikaren egoerari buruzko txostena”, eta horren ondoren “Aurreko azterketa”. Gero, prozedura berriari ekiten zaio, patentearen emakidari aurka egiteko. . Hala ere, arestian aipatu den bezala, prozedura honek ez du patentearen baliozkotasuna bermatzen (hori eztabaidatzen bada, Auzitegian ebatzi beharko da), nahiz eta Teknikaren egoerari buruzko txostena argitaratu, idatzizko iritziarekin batera, non asmakizunaren berrikuntzan edota jardueran eragina izan dezaketen aurrekariak azalduko diren.

Erabilera modeloen kasuan, Patenteei buruzko 2015eko Legeak prozedura bakarra ezartzen du emakidarako, eta patentearen emakidaren aurretik horri aurka egiteko prozedura ere biltzen du.

Emakida prozeduraren faseak

Aurkezpen data ematea eta izapidetzea onartzea.

Eskaera aurkezteko data honako dokumentu hauek aurkeztu direnean emango da:

  • Elementuok patente bat eskatzeko direla berariaz zein modu inplizituan adierazten duen agiria
  • Eskatzailearen nortasuna ezagutzeko edota harekin harremanetan jartzeko balio duten agiriak
  • Lehen begiratuan deskribapena dirudien zati bat, edozein hizkuntzatan

Aurkezpen data eskatzean aurretiaz aurkeztutako eskaera bati erreferentzia egiten bazaio, deskribapena eta egon litezkeen marrazkiak ordezkatu egingo dira. Erreferentzia hori gaztelaniaz egin beharko da, eskaera aurkezten den unean. Horrez gain, aurretiaz aurkeztutako eskaeraren kopia eta, hala badagokio, gaztelaniarako itzulpena aurkeztu beharko dira.

OEPMk patente eskaera jaso eta gehienez ere hamar egun igaro direnean, aurkezpen data emateko baldintza guztiak betetzen diren aztertuko da. Hala bada, eskaera entregatu zen lehen eguna izango da aurkezpen data. Hutsak badaude, berriz, horien berri emango zaio eskatzaileari, eta bi hilabeteko epea emango zaio haiek zuzentzeko. Hala egin ezean, eskaera baztertuko da. Adierazitako hutsak zuzentzen baditu, aurkezpen data aldatu egingo da; dokumentazio berria aurkeztu den eguna izango da data .

Deskribapena gaztelania ez den hizkuntza batean idatzita badago, eskatzaileak gaztelaniarako itzulpena aurkeztu beharko du. Bi hilabeteko epea izango du horretarako, eskaera entregatu zen egunetik aurrera edo OEPMk ofiziozko azterketa egitean itzulpen hori eskatzen duen egunetik aurrera zenbatzen hasita (bietatik epe luzeena ematen duena).

Aurkezpen data lortzeko baldintzak betetzen ote diren aztertzen den aldi berean, gordailu tasa eta Teknikaren egoerari buruzko txostena eskatzeari dagokiona ordaindu diren egiaztatuko da. Tasak ordaindu ez badira edo ordaindutako zenbatekoa nahikoa ez balitz, hilabete bateko epea emango zaio eskatzaileari zenbateko zuzena ordaintzeko. Hala egiten ez badu, patente eskaera baztertu egingo da, baina aurretik emandako aurkezpen data ez da galduko.

Eskaeraren ofiziozko azterketa

Aurkezpen data eman ondoren, eskaeraren ofiziozko azterketari ekiten zaio, Legeak eta haren Betearazpen Erregelamenduak ezarritako baldintza formalen arabera. Hutsen bat badago, OEPMk eskatzaileari jakinarazi eta bi hilabeteko epea emango dio haiek zuzentzeko. Eskatzaileak hala egiten ez badu, patentea ukatuko da.

Teknikaren egoerari buruzko txostena eta idatzizko iritzia.

Teknikaren egoerari buruzko txostenari dagokion tasa hasieratik ordaindu behar denez, OEPMk txostenari ekin diezaioke berehala. Baina zerbait argi ez badago edo koherentzia falta bada eta hori dela bide txostena osorik prestatu ezin bada, eskatzaileari eskatuko zaio bi hilabeteko epean beharrezkoak diren zuzenketak egiteko, beharrezkotzat jotzen dituen arrazoiak emateko edo bilatzen dena zehazteko; hala egiten ez badu, ez da patentea onartuko. Teknikaren egoerari buruzko txostena prestatu ondoren, eskatzaileari helaraziko zaio, eta bertan aipatzen diren dokumentu guztiak nola atzitu azalduko zaio. Txostenarekin batera idatzizko iritzi bat entregatuko da, aurretikoa eta konpromisorik gabekoa, hain zuzen ere, eskaerak biltzen duen asmakizunak patentatzeko baldintzak betetzen dituen ala ez azaltzeko. Zehazki, bilaketen emaitzak ikusita, asmakizuna berria den, jarduera berritzailea eskaintzen duen eta erabilera industriala izan dezakeen aipatuko dira.

Eskaeraren eta Teknikaren egoerari buruzko txostenaren argitalpena.

Aurkezpen datatik (edo aurretiko datatik, kasuan-kasuan) hemezortzi hilabete igaro direnean, OEPMk publikoa egingo du patente eskaera, Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean (BOPI) argitaratuta. Horrez gain, liburuxka bat argitaratuko du patente eskaeraren eduki osoarekin eta Teknikaren egoerari buruzko txostenarekin. Idatzizko iritzia ere argitaratuko da.

Hirugarrenen iruzkinak

Patente eskaera argitaratzen den egunetik egiazko azterketa bukatu baino lehentxeago arte, nahi duenak iruzkinak egin ditzake, betiere behar bezala arrazoituak eta dokumentatuak, asmakizunaren patentagarritasunaren gainean. Iruzkinak eskatzaileari helaraziko zaizkio, nahi dituen arrazoiketak egin ditzan. Argitu behar da iruzkinek ez dutela eskaeraren izapide-prozesua etengo.

Egiazko azterketa eskatzea

Eskaera gordailutzen den unetik Teknikaren egoerari buruzko txostena argitaratu eta hiru hilabete igaro arte aurkeztu ahal izango da egiazko azterketa. Eskaera ez da egintzat joko azterketari dagokion tasa ordaindu den arte. Eskaera eta ordainketa ezarritako epean egiten ez badira, patente eskaera baztertu egingo da.

Egiazko azterketa eskatzeko epea iraungi arte, eskatzaileak erreibindikazio berriak aurkeztu ditzake, Teknikaren egoerari buruzko txostenean zein idatzizko iritzian berritasun eta jarduera berri ezaren gainean ondoriozta litezkeen eragozpenei aurre egiteko. Kontuan izan behar da aldaketa horrek ezin diela aipu egin bilatu ez diren elementuei, eta ezin duela eskaeran edukirik gehitu.

Egiazko azterketa eta ebazpena.

Egiazko azterketa eskatzeko epea iraungitzean, OEPMk horri ekingo dio. Azterketa bukatzean baldintza guztiak betetzen direla ondorioztatzen bada, eskatutako patentea emango da.

Patentea bere osotasunean nahiz zatika ez emateko arrazoirik aurkitzen bada, eskatzaileari jakinarazi eta bi hilabeteko epea emango zaio oztopo horiei erantzuteko edo, hala nahi badu, erreibindikazioak aldatzeko. Eskatzaileak neurririk hartzen ez badu oztopoei aurre egiteko, patentea ukatu egingo da. Gainerako kasuetan, OEPMk eskatzailearen erantzuna jaso ondoren hartuko du erabakia.

Hala ere, eskatzailearen alegazio eta aldaketak jaso ondoren OEPMk uste badu oraindik badirela arrazoiak patentea bere osotasunean nahiz zatika ez emateko, eskatzaileari egoeraren berri eman eta beste bi hilabeteko epea emango zaio eskaera zuzentzeko edo alegazioak helarazteko.  Gero, OEPMk erabaki irmoa hartuko du: patentea eman ala ukatu.

Patentea ematen bada, emakida argitaratuko da BOPIn, eta liburuxka bat argitaratuko da patentearekin. BOPIn argitaratutako emakidan, asmakizunaren berritasuna eta jarduera berritzailea egiaztatzeko azterketa egin dela aipatuko da.

Halaber, gogorarazi nahi da patente batek indarrean jarrai dezan titularrak mantentze-tasak ordaindu behar dituela urtero (aurkezpen datatik hogei urte igaro arte, hori baita monopolioaren behin behineko iraupena).

Aurka egiteko prozedura

Emakida argitaratu eta sei hilabeteko epean, edonork egin diezaioke aurka emakidari. Aurkaritzak arrazoituta egon behar du, frogatzen duten dokumentuak aurkeztuta, alegia, eta aurka egiteagatik tasa bat ordaindu behar da. Aurka egiteko arrazoi hauek daude:

  • a) Asmakizunak ez ditu patentagarritasun baldintza guztiak betetzen.
  • b) Deskribapena ez dago guztiz argi eta ez da nahikoa aditu batek exekutatzeko.
  • c) Emandako patentearen asmakizunak aurkeztutako eskaeraren edukia gainditzen du.

Aurka egiteko idazkia izapidetzea onartzen denean, patentearen titularrari jakinarazi eta hiru hilabeteko epea emango zaio bere alegazioak aurkezteko eta, egokitzat jotzen badu, erreibindikazioak aldatzeko. OEPMk titularraren alegazioak eta aldaketa proposamenak helaraziko dizkie aurka egin duten pertsonei, eta bi hilabeteko epea emango die erantzuteko.

Aurkarien erantzunak jasotzean, OEPMk erabaki bat hartu behar du. Aurkeztutako argudioak kontuan hartuko ditu, aurka egiteko arrazoirik badago; bestela, baztertu egingo ditu. Hala ere, titularrak aldaketa edo alegazioak aurkeztu ondoren oraindik patentea osorik edo zatika mantentzeko oztopoak badaude, beste hilabete bateko epea emango zaio titularrari akatsa zuzentzeko edo alegazio berriak aurkezteko, aurkako argudioen gainean erabaki irmorik hartu baino lehen.

Prozesua bukatu ondoren, OEPMk patentea ezeztatzea, patentearen emakida mantentzea edo patentearen emakida aldaketekin mantentzea erabaki dezake.