Datu pertsonalen babesa (errekurtsoak)


Arduraduna: Datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoa da (Oficina Española de Patentes y Marcas, O.A.; aurrerantzean, OEPM. Helbidea: Paseo de la Castellana 75, 28071 Madrid. Telefono-zenbakia: 90201570530. Helbide elektronikoa: protecciondedatos@oepm.es).

Datuen babeserako ordezkaria: Datuen babeserako ordezkariarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi protecciondedatos@oepm.es helbide elektronikora.

Xedea: Honela tratatuko ditugu eman dizkiguzun datu pertsonalak:

  1. Errekurtsoa aurkezteko inprimakian emandako datu pertsonalak:
    • Zure izen-abizenak, IFZ, telefono-zenbakia, posta-helbidea, fax-zenbakia eta helbide elektronikoa, eta, hala badagokio, zure ordezkariarenak, zu nor zaren identifikatzeko eta dagokion administrazio-errekurtsoa tramitatzeko tratatuko dira, baita zuri jakinarazpenak bidaltzeko eta zurekin harremanetan jartzeko ere. Datu horiek Jabetza Industrialaren dagokion modalitateko erregistroan jasoko dira, eta ezin izango dira ezabatu, interes publikokoak direlako.
    • Zure izen-abizenak eta posta-helbidea, eta, hala badagokio, zure ordezkariarenak, jabetza industrialaren dagokion modalitateko administrazio-espedientearen erregistroko egoera ezagutarazteko eta haren berri emateko tratatuko dira. Hori dela eta, datu eta espediente horiek OEPMren datu-baseetan argitaratuko dira (E.O., INVENES, DISEÑOS), eta aurrez aurre kontsultatu ahal izango dira, edo bitarteko telematikoen bidez, lege-testu hauetan ezarritakoaren arabera: 17/2001 Legea, Markei buruzkoa (30. artikulua); 20/2003 Legea, Diseinu Industrialaren Babes Juridikoari buruzkoa (hamahirugarren xedapen gehigarria); eta 24/2015 Legea, Patenteei buruzkoa (55. artikulua eta bosgarren xedapen gehigarria). Era berean, xede estatistikoetarako tratatuko dira datu horiek.
    • Zure izen-abizenak, eta, hala badagokio, zure ordezkariarenak, Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, haren bertsio elektronikoan, zeina doan atzitu eta kontsulta baitaiteke.
  2. Errekurtsoen idatzi osagarriak aurkezteko inprimakian edo entzuteko izapideari erantzutekoan emandako datu pertsonalak: zure izen-abizenak, IFZ, telefono-zenbakia, posta-helbidea eta helbide elektronikoa, eta, hala badagokio, zure ordezkariarenak, zu nor zaren identifikatzeko tratatuko dira, baita zuri jakinarazpenak bidaltzeko eta zurekin harremanetan jartzeko ere.

Legitimazioa: OEPM datu pertsonal horiek tratatzeko legitimatuta dago, araudi honi jarraikiz:

  • 17/1975 Legea, maiatzaren 2koa, «Jabetza Industrialaren Erregistroa» izeneko organismo autonomoa sortzeari buruzkoa: 2. artikulua.
  • 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: 40. artikulua eta hurrengoak, eta 115. eta 118. artikuluak.

Horrez gain, errekurtsoa aurkezteko inprimakian emandako datu pertsonalei dagokienez, haiek tratatzeko legitimazioa jabetza industrialari buruzko lege espezifiko hauetan ere ezartzen da: 17/2001 Legea, abenduaren 7koa, Markei buruzkoa (7. eta 9. artikuluak); 24/2015 Legea, uztailaren 24koa, Patenteei buruzkoa (54. artikulua eta bosgarren xedapen gehigarria); eta 20/2003 Legea, uztailaren 7koa, Diseinu Industrialaren Babes Juridikoari buruzkoa (41. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria).

Hartzaileak: Publizitate-, estatistika- eta informazio-xedeetarako, errekurtsoa jarri duenaren izen-abizenak eta posta-helbidea, eta, hala badagokio, haren ordezkariaren izen-abizenak, jabetza industrialarekin erlazionatutako nazioarteko erakunde hauei laga ahal izango zaizkie: Jabetza Intelektualaren Munduko Erakundea; Patenteen Europako Bulegoa: ESPACENET eta Europar Batasunaren Jabetza Intelektualeko Bulegoa: TMview eta DSview.

Hortaz, OEPMk nazioarteko erakunde horiei jakinaraziko dizkie era horretako datuak. Halaber, Xedea epigrafeko I. atalean adierazi den bezala, Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira datuak, haren bertsio elektronikoan, zeina doan atzitu eta kontsulta baitaiteke.

Eskubideak: Dagozkizun datu pertsonalak tratatzen ari direla jakiteko eta datu horiek kontsultatzeko eskubidea duzu. Halaber, hauetarako eskubidea ere baduzu:

  • Zehatzak ez diren datuak zuzen daitezen eskatzekoa; zer daturi buruz ari zaren eta zer zuzendu behar den adierazi behar duzu. Behar denean, tratatu behar diren datuak zehatzak ez direla edo osatu gabe daudela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko duzu.
  • Administrazio-errekurtsoa tramitatu bitartean OEPMri eman zaizkion baina jabetza industrialaren dagokion modalitateko erregistroan jaso ez diren datu pertsonalak ezaba daitezen eskatzekoa, baldin eta Datuak Babesteko 679/2016 (EB) Erregelamendu Orokorraren 17. artikuluan ezarritako inguruabarretako bat badago. Datuak ezabatzeko eskatzen ez bada, OEPMk gorde egingo ditu datuak.
  • Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (www.aepd.es) erreklamazioa egitekoa, bereziki zure eskubideei erantzun ez zaiela edo epeen barruan erantzun ez zaiela uste baduzu.
  • Inguruabar jakinetan datu pertsonalen tratamendua muga dadin eskatzekoa; halakoetan, erreklamazioak egiteko edo erreklamazioetatik babesteko baino ez dira gordeko datuak.
  • Inguruabar jakinetan eta norberaren egoerarekin erlazionatutako arrazoiengatik datu pertsonalak tratatzeari uko egitekoa. OEPMk datu pertsonalak tratatzeari utziko dio, salbu eta premiazko arrazoi legitimoak badaude edo erreklamazioak egin behar badira edo erreklamazioetatik babestu behar bada.

Interesdunak zuzenean erabili ahal izango ditu eskubide horiek guztiak, edo behar bezala egiaztatutako ordezkari baten bidez; eskubideak erabiltzeko, eskaera bat bidali behar zaio OEPMri, ahal dela posta elektronikoz, helbide honetara: protecciondedatos@oepm.es