Zer da domeinuaren izena


Domeinuaren izena Interneten erabiltzen den adierazgarri bat da, Sarean makina edo makina talde bat aurkitzeko.

Interneten, "IP helbidea" izeneko zenbaki bakar batekin identifikatzen dira makinak (adibidez, 194.69.254.2). IP helbideak ez dira intuitiboak, ezta gogoratzeko errazak ere. Hori dela eta, entitate bat sortu behar dugu, modu intuitiboagoan Interneteko zerbitzuak ematen dituen makina edo makina talde bat gogoratzen laguntzeko (Web, posta, ftp…).

Zergatik eduki domeinu bat?

Domeinu bati esker, pertsona edo enpresa batek Interneten presentzia izan dezake, eta Sarearen edozein gunetatik zerbitzuak atzitu daitezke. Domeinua pertsona edo enpresa jakin baten erreferentziazko izen bihurtzen da Interneten, eta hura erabiliz erabiltzaileak nahi dituen zerbitzu guztiak artikula ditzake (Web, posta, ftp…).

Zer dira "Top levels domains" direlakoak (Lehen mailako domeinuak)?

Top Level Domain (TLD) delakoa Interneten izen batek duen mailarik altuena da. Interneten domeinuen izenen sistemaren barruan, Sareak eskaintzen duen hierarkian maila gorena du lehen mailak.

Zer motako "Top levels domains" (Lehen mailako domeinuak) daude?

Bi motako "Top levels domains" (Lehen mailako domeinuak) daude: domeinu generikoak, lurraldearekin inolako loturarik ez dutenak, ezagunenak hauek dira ".com", ".org", ".net", eta ".edu".

Lurraldeko domeinuak edo (ccTLD) izena dutenak, herrialde bakoitzeko lurralde-kodeari dagozkionak dira (adibidez, ".es", ".fr", ".uk", ".pt"…), eta araudiak herrialde bakoitzean ezartzen duen esleipen-agintariak kudeatzen ditu, domeinu horiek libreki esleitzeko.

Zein desberdintasun dago ".com" eta ".es" domeinuen artean?

".com" eta ".es" moduan erregistratutako domeinuen izenak bigarren mailako izenak dira. ".com" Top Level Domain edo lehen mailako domeinu generikoa da. ".es" ere lehen mailako domeinua da, baina generikoa izan beharrean, lurraldekoa da. Desberdintasun nagusia esleipenaren araudian eta agintaritzan dago. ".com" izenpean dauden domeinuak, beste domeinu generikoen antzera (".com", ".net", ".org", ".info" edo ".biz") mundu osoan banatuta dauden erregistratzaile desberdinek ematen dituzte nazioartean eta horiek esleitzeko arau gutxi daude.

".es" izenpean dauden domeinuak Espainiako Red.es esleipen-agintaritzak esleitzen ditu, eta eskatzaileak Espainiarekin harremana izan behar du derrigorrez. Esleipenean segurtasuna bermatzen duten arauak daude, eta espekulazio asmoak dituztenek domeinuak hartzea saihesten da. Horri esker, segurtasun handiagoa ematen zaio erabiltzaileari.