Respondemos todas aquellas dudas referentes a los diferentes procesos implicados en la propiedad industrial.
Patentearen balioa zehazteko, balorazioa egiteko arrazoia zein den eta asmakizunaren ustiapena noren esku dagoen kontuan izan behar da. Adibidez: patente berberak balio bat izango du jabe den sozietatea kiebra egoeran badago eta beste bat, ordea, bete-betean ekoizten ari den baten esku badago. Ez dauka balio bera banku batentzat edo merkatuko operadore batentzat; izan ere, lehenak egin dezakeen bakarra patentea saltzea da; bigarrenak, berriz, produktibo egiteko bitartekoak ditu.
Moneta-balioaz gain, patenteek balio ez-monetarioa ere badute. Adibidez, langileak berritzaile izatera bultzatzen ditu.
Informazio gehiago nahi baduzu, kontsulta ezazu ip4innoren Ikaslearen eskuliburua.
Patente baten balorazioa egiterakoan, funtsezkoa da patentea esklusibotasun eskubidetzat hartzeaz gain, patenteari lotutako teknologia eta sozietateak bere aktibo osagarriak ustiatzeko daukan gaitasuna ere aintzat hartzea (alegia, asmakizuna merkaturatzeko gaitasuna).
Teorikoki patente bakoitza bere aldetik baloratzea komeni den arren, praktikan, zaila gerta daiteke elkarren mende dauden bi patente bereiztea.
Kasu askotan, zentzuzkoena patente sorta osoen balorazioa egitea da, ez patente bakoitzarena.
Hainbat kanpo zein barne faktorek eragin dezakete patente baten balioa zehaztu beharra:
Barne faktoreak:
- patente-zorroaren kostuak optimizatzea
- patente-estrategia negozio-estrategia nagusiarekin bat etorraraztea
- asmatzaileei ordaintzea
Kanpo faktoreak:
- finantzaketa
- lizentziak
- bat-egiteak eta erosketak,
- kontabilitatea (38. Nazioarteko Kontabilitate Araua)
- nahitaezko tasazioa (lehiaketak, kalteak)
Tasazio bat egiteko beharrezkoak diren ezagutzak, neurri handi batean, patentearen helburuaren araberakoak dira. Tasazio osoa egin ahal izateko ezinbestekoa da eremu askotan esperientzia izatea (marketina, finantzak, I+G eta estrategia barne). Hori dela eta, diziplina anitzeko talde bat erabiltzea ideia ona da. Emaitza adierazgarri bat ziurtatzeko, beharrezkoa da taldean patentearen arlo teknikoan nahiz patenteen tasazioan adituak diren pertsonak egotea.
Tasazioa egiteko erabilitako metodoak gardenak izan behar dira, emaitzak egiaztatu ahal izateko. Bitartekarien laguntza ere (esate baterako, PATLIB zentroak edo patenteen bulego nazionalak), lagungarria izan daiteke tasazioan. Bitartekari horiek tasazioaren emaitzak interpretatzeko moduaren gaineko aholkuak nahiz emaitza horietatik etekina ateratzeari lotutakoak eman ditzakete.